Oso interesgarria iruditu zaigu Dorleta Kortazarrek idatzi duen artikulua guraso.eus blogean.
"Maite ditut ipuinak: maite dut ipuinak kontatzea; maite dut ipuinak irakurtzea; eta batez ere maite dut ipuinak entzutea. Nire buruari egiten diodan oparia da; ziztu bizian doan mundu zoro honetan atsedenerako tarte bat hartzeko aukera da, deskonektatzeko. Eta askotan semearekin partekatua izaten da tarte hori. Oherakoan elkarrekin ipuinak kontatzea edota irakurtzea bion artean eraiki dugun lotura afektiboaren zati da, zati garrantzitsua eta ederra, gustagarria. Bularretik ipuinetara salto egin genuen ia ohartu gabe. Eta guretzako gauza asko dira ipuinak, baina batez ere besteari elkarrekin egoteko tarte bat eskaintzea da. Elkarren ondoan eserita, kontaktuaren epelean, fantasia bera partekatzea.
“Nik ez dakit ipuinik kontatzen!!” sarri entzun izan dudan esaldia da hainbat gurasoren ahotik; edota semeari zuzenduta: “zuk bai zortea zuk, egunero etxean ipuin kontalari bat izatea, zuretzako bakarrik”. Baina gure haurrek ez dute etxean ipuin kontalari bat nahi; erreferentziazko heldu bat nahi dute, ipuinaren inguruan sortzen den gainontzeko guzti hori eskainiko diena: beraiekin egoteko tartea izango duen gurasoa, presak eta mugikorra alde batera utzi eta magalaren goxotasuna eskainiko diena, etxerako lanek agindutako irakurgaia izango ez den istorio ederra partekatzeko. Ipuinen edukia, garrantzitsua izanik, askotan gure haurrentzat gutxienekoa delako."
Gehiago irakurtzeko sartu hemen: http://www.guraso.eus/ipuinen-boterea/
No hay comentarios:
Publicar un comentario